Hezkuntza proiektua

Dulantzi ikastetxea Alegría-Dulantziko udalerrian dago, Arabako probintzian, eta Gasteiztik 14 kilometrotara. Herria Arabako Lautadan kokatzen da,  eta inguruan eskolak erabili ohi dituen hainbat gune interesgarri daude: Aialako Andre Mariaren ermita erromanikoa, Done Jakue Bidearen saihesbide batek zeharkatzen duena; Henaioko Castro-a, muino txiki batean dagoen zeltiberiar jatorriko herrixka baten interpretazio-zentroa; inguruko herriekin lotzen diren partzela-bideak, haien artean antzinako euskal trenbidearen Bide Berdea.

Eskola publikoa da, herrian dagoen bakarra, udal haur eskolarekin bat, eta Haur Hezkuntza (2-6 urte) eta Lehen Hezkuntza (6-12 urte) eskeintzen ditu.

Gure eskola komunitate anitza eta aldakorra da, bizi garen gizartearen islada.

Hala izanik, etengabeko egokitzapena eskatzen digu ikasle eta irakasleoi, elkarbizitza positiboa eta garapen indibiduala eta kolektiboa helburu ditugularik.

Arreta berezia jartzen dugu bizitzako lehen urteetako garapen afektibo eta emozionalean, ezinbesteko oinarria baita garapen kognitibo orekatu eta arrakastatsua lortzeko.

 

 

Hizkuntzen erabilera anitza eta integratua bilatzen dugu, hauen inguruko esperientzia eta programa ugari bultzatuz: bertsolaritza, ingeleseko hizkuntza laguntzailea, antzerkiak, barnetegiak, idazleekin/kirolariekin solasaldiak...

 

 

Familia eta eskolak eskutik helduta joan behar dute, haurraren garapenari modu koherentean laguntzeko. Horregatik, horien inplikazioa eta parte-hartzea hainbat modutan bilatzen saiatzen gara, baita komunikazio- eta konfiantza-harremana izaten ere. Guraso-elkartea da ikastetxeko familiak ordezkatzen dituen organoa, eta haien lana eta ekarpena funtsezko zutabeak dira gure hezkuntza-proiektuan.

 

 

Eskolako ingurunea pribilegiatu eta eskuragarria da. Eskura dauden natura- eta udal-baliabideei probetxu ateratzen diegu, komunitate-sentimendua indartuz. Udal - eragileekin harreman estua izatea funtsezkoa da bi norabideko lankidetzan aritzeko.

Oinarrizko Hezkuntzak modu integralean garatu behar ditu ikasleen abileziak. Prozesu hori Haur Hezkuntzan hasten da, eta bizitza osoan behar dituen oinarrizko gaitasunak lortu behar ditu garapen pertsonal eta sozialerako. Irakasleak, etengabeko prestakuntzan, gaitasun horien garapena sustatzen duten metodologietara zuzentzen dira.