Normalkuntza

Zer da Hizkuntza Normalkuntza Proiektua?

Euskara bultzatzeko Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa saileko programa bat da, Ulibarri programaren bitartez gauzatzen dena. Honen helburua euskararen erabilera hedatzea da, honako lau xede hauek jorratuz:

 

  • Hiztun kopurua haztea eta erabileraren maiztasuna handitzea.
  • Erabilera eremu eta funtzio anitzetara hedatzea.
  • Euskararen presentzia areagotzen lagunduko duten erabilera - arau adostuak indarrean jartzea.

 

Ikastetxe  ezberdinetako irakasleak Ulibarri programak eskaintzen dituen mintegietan parte hartzen dute, ikastetxeen artean lankidetza bultzatzeko, prestakuntzan sakontzeko eta ekimen bateratuak antolatzeko. Dulantzi ikastetxeak urte asko daramatza programa honetan parte hartzen.

 

Ikasturte bakoitzean, ikastetxeko normalizazio-batzordeak ikastetxearen urteko planean islatzen diren helburu eta jarduera batzuk planteatzen ditu, eta horien balorazioa eta  hobetzeko proposamenak ikasturte-amaierako memorian jasotzen dira.

Berdintasun patioa

Arabako Lautadako Kuadrillako Berdintasun Arloak sustatu duen proiektua da. Genero-desberdintasunak murriztea eta eskola-patioetan gertatzen diren indarkeria matxista ugariak desagerraraztea du helburu, sentsibilizazio-ekintzen, kontzientzia hartzearen, berdintasunezko balioak indartzearen eta espazioa berregituratzearen bidez; izan ere, funtsezko eginkizuna betetzen du espazio horrek haurren ikaskuntzan eta sozializazioan.

Patioa eta bere elementuak konfiguratzeko moduak bere erabilera eta bertan sortzen diren giza harremanak baldintzatzen ditu. Hori dela eta, azken urteotan, ikastetxea hausnartzen eta jarduten joan da, berdintasunezko bizikidetza- eta jolas-gune izan dadin.

19-20 ikasturtean, gatazka-kopurua murriztea eta joko-aukerak ugaritzea lortu duen naturgune bat inauguratu genuen. Orain, Udalak babestutako proiektu honen laguntzarekin, jolastoki hau eraikitzen jarraitu ahal izatea espero dugu, guztiek beren jokoa eta harremanak modu positiboan garatu ahal izateko.

 

Panelak-Dulantzi-eus (1)

Baratza

Ikastetxeak baratza du, urteetan zehar ikasleei hainbat onura eta aukera ekarri dizkienak:

  • Probatzeko, esperimentatzeko eta ikasteko aukera
  • Ingurumena zaintzeko eta errespetatzeko kontzientzia sustatzea
  • Pazientzia, erantzukizuna, konpromisoa, adiskidetasuna eta antzeko balioak.
  • Bertako produktuak ezagutzea eta garaian garaikoak direnak identifikatzea, elikadura osasungarria eta orekatua bultzatuz.
  • Lankidetza eta elkarlana sustatzea, txandakatuz joan daitezkeen zereginak (landatzea, ureztatzea, belar txarrak garbitzea, etab.) partekatuz..

Azken bi ikasturteetan proiektu hau geldirik dago lurrarekin eta sustraiekin izandako arazo baten ondorioz, eta ez genuen konponbiderik aurkitzen, baina berrikuntza-proiektu bat onartu da, eta espero dugu laster itzuliko digula espazio hau eta eskaintzen dituen hezkuntza-aukerak.

Jaialdiak

Ospakizunek eta jaiek aukera ematen dute ikasleak beren errealitate sozial eta kulturalera hurbiltzeko, gaitasunen ikuspuntutik abiatuta. Horiek prestatzeak eta egiteak hainbat arlo eta gaitasun globalizatzea ahalbidetzen du helburu komun baterantz, berdinen arteko lankidetza, taldekide izatea eta kontzeptu eta trebetasun sozialak eta artistikoak garatzea sustatuz. Gainera, egunerokotasunarekiko hausturaren ondorioz, ikasleak motibatuago eta parte-hartzaileago agertzen dira, zereginak eta erantzukizunak bere gain hartuz.

Hona hemen ospakizun horien adibide batzuk: Olentzeroren eguna, Euskararen astea, Inauteriak, San Prudentzioko erretreta, liburuaren astea…

Ospakizun horiek erlijio-osagaietatik edo genero-konnotazioetatik aldentzen saiatzen gara, eta balioetan hezteko eta beste kultura eta ospakizun batzuetara hurbiltzeko abiapuntu gisa hartzen ere.

Irteerak

Ospakizunak bezala, txangoak ikasleek emozioz eta interes handiz bizi dituzten uneak dira . Beren osagai ludikoenak talde-kohesioa indartzeko eta irakasleek ikasleak hobeto ezagutzeko aukera ematen die.

Ikasle txikienentzat, egun hauek beren autonomiarako eta garapen pertsonalerako erronka bihurtzen dira, beren ohiko ingurunetik irten eta familiarik gabeko egoera berriei aurre egin behar dietelarik.

Ikasturtean zehar klase guztiek mota eta eduki ezberdinetako irteerak egingo dituzte: kontzertuak, museoak, natura, kirola, arkeologia, historia…

Bestalde, curriculumaren hainbat alderdi garatzeko aukera ematen dute, hala nola natura- eta gizarte-ingurunearen ezagutzarekin lotutako eduki, gaitasun eta helburu batzuk eta zeharkako beste gaitasun batzuk ere.

Egoera ahulenean dauden ikasleek, bestela eskura izango ez lituzketen espazio, jarduera edota adierazpen kulturaletara hurbiltzeko aukera dute, gizarte-desberdintasunak konpentsatuz.